“Creacity” turismo eta kultura proiektua

Baionako hiriak parte hartzen du “Creacity” izeneko egitasmo mugaz gaindikoan, Iruñea eta Hondarribia hiriekin batera.

“Creacity” mugaz gaindiko lankidetza-eremu bat sortzeko ideia da, Iruñea / Baiona / Hondarribia triangelu birtuala, kultur eragileak sarean ezarriz, eta esparruko garapen ekonomikoan eragin positiboak izan ditzaketen proposamen komunak eginez kultura, ondare, turismo eta gastronomia arloetan.
Hiru hiriek gotorlekuak dituzte, eta nabarmentzeko moduko historia, abantaila handiak turismoari begira, baina aldi berean erronkak, ondare hori etorkizuneko hirian txertatzeko orduan.
Kultur turismoko ekimen berritzaileak eta sorkuntza artistikoak egingo dira, mugaz gaindiko lurralde hori kalitate handiko ondaredun helmuga turistiko gisa kokatzeko, bai eta han kokatu nahi diren enpresei ingurune erakargarria eskainiko dien esparru dinamiko gisa ere.
Ekimen hau %65ean finantzatzen du Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (FEDER), Interreg VA programaren eta Espainia-Frantzia-Andorra Mugaz Gaindiko Elkarlanerako Operazio Programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020).

Lau lan aztergai:
– Zaharberritze iraunkorra
Azterketen helburu izango da gogoeta egitea zer erabilpen eman ahal zaien harresiei, bai turistek bai herritarrek espazio horiek bere egin ditzaten berriro.

– Sorkuntza artistikoa
Kultur egitarau bat proposatuko da harresietan, hiru hiri parte-hartzaileetako gaitasun eta bitartekoen elkarlanetik sortutako sormen lan artistikoak erakutsiz.

– Berrikuntza turistikoa
Ekimen honen bitartez sortuko dira turismo arloa planifikatzeko eta aztertzeko tresna berriak, eskualdea helmuga turistiko gisa sustatzeko tresnak, baliabide turistikoetara iristea errazago bihurtzeko tresnak, bisita gidatuak eta hiru hiri parte-hartzaileen gidarien prestakuntza hiru hirien ondareari buruz, elkarren arteko produktu turistikoak sortzea eta garatzea, bai eta informazio turistikorako dokumentuak sortzea ere.

– Gastronomiaren sustapena
Bertako eta kalitatezko produktuetan oinarritutako sukaldaritza berria sustatuko da, honakoen moduko ekitaldiak antolatuz: azokak, erakusketak, sukaldeburuen lehiaketak…

partager cet article