Eskaintza turistikoa

SAN FERMIN 2018

06 uztaila au 14 uztaila

Erreserba $vars['image']['alt']

Iruñeko Udalak adin eta ikusle mota guztiendako jarduerez jositako programa aurkeztu du aurten sanferminetarako, zeinean haurrendako jarduerek garrantzi nabarmena baitute, gune berri bat prestatu baita, Kirol Ari izenekoa, eta gazteendako programazio berezi eta zabala ere eskainiko delarik. Hiriko folklore-aniztasuna aditzera ematen duten askotariko hitzordu musikalak ere hartzen ditu barne; 2018 honetan emakumeen presentzia izango duten su artifizialen bildumak jaurtitzeko eremua handitu da; eta programan ezinbesteko diren beste jarduerei eutsi zaie, besteak beste, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsari eta herri-kirolei.

Hurrengo ekainaren 27an, ostegunarekin, argitaratutako 10.000 ale elebidun jarriko dira salgai, 2 euroan, eta liburu-dendatan, Turismo-bulegoan eta tonbolan erosten ahalko dira. Ohi denez, programaren bertsio tolesgarriak egongo dira, euskaraz eta gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, eta alemanez. Festetako kartela keinu zinematografikoa den bezala, programak literaturari egiten dio keinua. Errea Comunicación enpresaren diseinuak ibilbide bat eratu du festetako uneetan zehar, literaturako lan handiak mikronarrazio bihurtuta, lokarri bakar batekin: sanferminetako esperientzian unibertsaltasunaren zantzuak aurkitzea.
Mikronarrazio horiek hauek ikusgai egongo dira ere Kondestablearen jauregiaren ezkaratzean, ekainaren 29tik abuztuaren 26ra.

Aurten irudimenaren eskutik dator argazkia, hitzek ere balioa dutelako. Javier Erreak (gaztelaniaz) eta Jon Alonsok (euskaraz) landu dituzte literatura unibertsaleko hainbat egile zein sortzaileren beste horrenbeste lanetako lehen orrialdeak. Eta horretarako, nolabaiteko iragazki bat baliatu dute, irakurleak erabili ohi duena testuan bilatzeko interesatzen zaiona, jatorrizkoak “gordetzen” duena. Kasu honetan, baztertutako hitzak gorriz zirrimarratuz, 28 mikronarrazio sortu dituzte, zeinen bidez islatu nahi baitira sanferminetako eskailera, suziria, entzierroa, tradizioa, gaua, topaketak, maitasuna, etab. Horrela, 60ko hamarkadan matematika eta literatura lotzen zituzten abangoardiei zor zaien prozedura baten bitartez, egile hauen lanetan esku hartu dute: Cervantes, Goethe, Austen, Dovstoieski, Lessing, Tolstoi, Verne, Shelley, Kafka, Woolf, Munroe… Eta metaliteratura horrek Iruñeko jaiei buruz hitz egiten du

Iruñean, uztailaren 6tik 14ra, iaz programatutako 425 bat ekitaldiri gehitu behar zaizkio egunero egitekoak diren sei jarduera, Kirol Ari gune berrian kirol federazioek egingo dituztenak, eta gazte-eremuan egun jakin batzuetan erantsi diren beste jarduera batzuk. Udal-programan 490 ekitaldi inguru izango dira guztira, eta horiez gain, dozenaka ekitaldi programatu dira hiriko kolektibo eta elkarteek kudeatzen dituzten bost herri-gune partizipatiboetan.

SU ARTIFIZIALEN NAZIOARTEKO LEHIAKETA

2018ko Sanferminetako Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa da gaueko programazioaren ardatz, eta aurten emakume gehiago egongo dira diseinatzaileen artean eta parte-hartzaile gazteagoak langile teknikoen artean; gainera, jaurtiketak egiteko eszena-gunea handitu egin da, betiere gotorlekuaren eremuan. Orain, suek harresietako 150 metro bitarte hartuko dituzte, eta jaurtiketaren frontala Errege-erreginen Bastioitik Armada etorbiderako noranzkoan joango da (ikuspegi frontala autobus-geltokiko zelaigunean lortzen da). Lehiaketaren XIX. edizio honetan “egile-su” onenak bilatzeari eutsiko zaio, hala erakarrita Espainia, Frantzia, Italia, Danimarka eta Estatu Batuetako diseinatzaileak.
Hiru irabazle egongo dira, eta 5.000, 3.000 eta 2.000 sariak jasoko dituzte, Javier Murok sortutako trofeoaz ez ezik, zeinak urte honetatik aurrera San Fermin irudikatuko baitu. Ikusleen Saria mantendu da eta aintzatespen izaera izango du; hori horrela, ikusleek aukera izango dute gehien gustatu zaien bildumari botoa emateko, eta horren harira egingo den opari-zozketa batean parte hartzeko.

MUSIKA

Gauez, Foruen plazan, gazte-eremu den aldetik, tokiko, estatuko eta nazioarteko artisten kontzertuak egongo dira –La Pegatina, Iseo & Dodosound with The Mousehunters, Nathy Peluso, Júpiter Jon, Berri Txarrak, Talco eta Bad Gyal–, eta Compañía plaza bestelako musika-erritmo eta estiloen oasia izango da. Izan ere, uztailaren 6tik 9ra Jazzfermin zikloko artistak izango dira bertan, Kenny Garret Quintet eta Carmen París, besteak beste; eta 10etik 14ra, munduko musikak eta soinuak izango dira entzungai, Quantic eta Soleá Morenterekin adibidez. Bi kasuetan, arratsaldez eta gauez izango dira emanaldiak.
Aurten, berriro ere, Gazteluko plaza izango da dantzaldietarako gunea (bi saio egongo dira, 19:00etan eta 23:30ean, salbu eta hilaren 14an, arratsaldeko saioa baino ez baita egongo). Hona bertan arituko diren talde eta disc-jockeyak: DJ Oihan Vega, DJ Pablito Mix, Puro Relajo eta ABBA The new experience. Horiez gain, orkestrak egongo dira: La Mundial, Valparaíso, Nuevo Saturno, La Pasarela, Maremágnum eta Krypton. Eta uztailaren 14an, Akerbeltz Taldea. Dantzaldiak egongo dira, baita ere, Gurutzeko plazan, 20:00etan eta 23:30ean, honako orkestra hauekin: Sylene, La Nube, Petanca, Stylo, Mediterránea, Euro, Sugar Show eta Arkansas. Uztailaren 13an, Zaharren Egunean, emanaldi berezia egongo da Los Reyes del Guatequeren eskutik, eskarmentu handia duten Helena Bianco eta Mochirekin, revival motako kontzertu batean, non 60 eta 70eko hamarkadetako pop-rock kanta arrakastatsuak interpretatuko dituzten. Uztailaren 14an Los Charros mariachiaren txanda izango da.
Nafar musikako bandek Gurutzeko plazako bermuta girotuko dute uztailaren 8tik 14ra. Zizur Nagusi, Cascante, Erriberri, Aranguren eta Vianako bandak etorriko dira, eta horiez gain, Orchestre d’harmonie La Nèhe (Dax, Frantzia) eta Harmonie Bayonnaise (Baiona, Frantzia) ondoko bandak.

HAUR ETA GAZTEENDAKO

2018 sanferminetako jaiek adin guztietarako programazioan sakondu nahi dute, eta indartzen dute haur, gazte eta familiendako programazioa. Askatasun plazan egon ohi den Hauek festak hauek! programaren jarduerei batu behar zaie iaz sortutako Birjolastu gunea, Vistabella – Taconera inguruan. Gainera, Kirol Ari estreinatuko da, Media Luna parkeko lubanarroetan 11 kirol-federaziorekin elkarlanean prestatuko eskaintza; kirol anitz egiteko doako gunea izango da, 8 eta 14 urte bitarteko neska-mutilei zuzendua, non honako jarduerak eskainiko baitira: saskibaloia, badminton, esgrima, paseoak piraguan, herri-kirolak, hipika, futbola, taekwondoa, xakea eta arku-tira.
Askatasun plazan, ez dira faltako, egunero, arratsaldetako txotxongilo-ikuskizunak, Otra Compañía, Maese Villarejo eta Bihar Taldea (euskaraz) konpainien eskutik. Ohi bezala, bertatik abiatuta eta Hauek festa hauek! gunea ixterakoan, Karlos III.aren oinezkoen etorbidera iritsiko dira antzerki-kalejirak. 2018ko sanferminek hirian dagoeneko ezagunak diren ekoizleak ekarriko dituzte –Brotons eta Almozandia–, bai eta talde berriak –Alas de Circo eta La FAM– eta itzal handikoak ere –Titiriteros de Binéfar–.
12 eta 17 urte arteko gazte eta nerabeendako Foruen plazako gune berezia mantenduko da, musika eta berariaz prestatutako arratsalde zein gaueko jarduerekin, zeinak aisialdi alternatibo gisa programatu baitira haien eskaerak aintzat hartuta. Uztailaren 7tik 14ra, 20:00etatik 22:30era, karaokeak, apar-festak, mega-ekortzaileak, giza futbolina eta dantza zein zumba-masterclasseak egongo dira. Gauez, 23:30ean hasita, eskaintza musikala izango da.

GUNE AUTOGESTIONATUAK

Azken urteotako festetako bereizgarria da jaietan bultzada ematea zuzeneko autogestioari eta auzo- zein gizarte-kolektiboen inplikazioari, eta horretarako Iruñeko Udalak berriro egin du Alde Zaharraren inguruan zenbait festagune sortzearen alde, zeinen kudeaketa, hain zuzen, aipatu ezaugarriekin bat datozen herri-kolektiboen esku egongo baita. Aurten, berriz ere, elkarteek zuzenean programatu dituzten bost gune egongo dira: Antoniutti, Basotxoa, Taconera-Vistabella Oko plaza eta Errekoleten plaza. Nafarroako Ikastolen Elkartea (Taconera-Vistabella), Eskualde Etxeen Nafarroako Federazioa (Basotxoa) eta Herri San Ferminak (Oko plaza eta Errekoleten plaza) ekimenez gain, Txirikorda eta FAIN izango dira Antoniuttiko txosnetako gunea kudeatzen, txosna Bolibiarra, Trenza de la Diversidad eta Mujeres del Maíz ekimenekin batera.

Publiko orokorra
Antolatzailea: Iruñako Udala
Erreserba partager cet événement

Gai berdinarekin beste gertakizunak